San Jose Eliza

Badirudi eliza horren eraikuntza 1731n amaitu zela, azken erremateak hurrengo hamarkadara arte jarraitu bazuten ere. Joseph de Mendiola kapitainaren jauregia izan zenari itsatsita eraiki zen. Hark bere etxebizitza Jesusen Lagundiari eman zion, bertan gaur egun desagerturik dagoen ikastetxea egiteko.

Eliza, ziurrenez, Martin de Zaldua maisuaren planoei jarraituz egin zen, eta bere eraikuntzan maila handiko maisuek hartu zuten parte, Joseph de Yturbe, Joseph de Lecuona edo Ignacio de Ibero, besteak beste. Azken horiek Loiolako basilikaren eraikuntzan ere hartu zuten parte. Euskal Herriko barroko erlijiosoko lan handienetakotzat hartzen da.